
Donosti Cup 2025eko finalak Stadium Galen jokatuko dira
Real Union Cluben estadioak hartuko ditu aurten Donosti Cupeko F11ko finalak, ekainean egingo diren hiru kontzertuen ondoren ezin izango baita garaiz berreskuratu Reale Arenako zelaia. F8ko finalak Anoetako Miniestadioan mantenduko dira.
Donosti Cupeko finalak dira, zalantzarik gabe, txapelketan parte hartuko duten talde guztiek gehien espero duten momentuetako bat. Tradizioz, final horiek Reale Arenan egin izan dira, Realaren zelaian, baina edizio honetan Stadium Galera lekualdatuko dira, Irungo Real Unión Clubaren estadiora. Ekainean hiru kontzertu handi egingo dira Reale Arenan (bat Fermin Muguruzarena eta bi Bruce Springsteenena), eta ez da belarra garaiz berreskuratzeko astirik egongo.
Txapelketaren antolatzaileak lanean aritu dira azken hilabeteotan Realarekin eta Donostiako Udalarekin batera, Bruce Springsteenen bigarren kontzertua desmuntatu (ekainaren 24an) eta Donosti Cup-eko finalen (uztailaren 12an eta 13an) arteko denbora tarte txikian belarra berreskuratzeko formula bat bilatzeko. Futbolerako baldintza egokietan belarra izateko bermerik ez dagoenez, Antolatzaileek Stadium Gal aukeratu dute aurtengo F11ko finalen egoitza gisa.
Irungo Real Unión Club futbol-zelaia belar naturalekoa da eta 4.000 ikuslerentzako lekua du. Bere tribunak duela hilabete gutxi eraberritu zituzten eta dagoeneko prestatzen ari da Donbosti Cupeko finalak hartzeko.
Badakigu parte-hartzaile askok faltan botako dutela Reale Arenan jokatzea, baina ziur gaude finaletako giroa eta emozioa intentsitate berarekin biziko direla agertoki berri honetan.
F8ko finalak, bestalde, Anoetako Miniestadioan mantenduko dira, aurreko edizioetan bezala. Gune eroso eta hurbil bat, Reale Arena eta Fan Zone ondoan kokatua, harmaila zabala eta kokapen bikaina duena.
Donosti Cup-ek eskerrak eman nahi dizkio Irungo Real Union Club-i bere estadioan torneoaren 33. edizioari amaiera emango dioten finalak ospatzeagatik.