Txinako AKS Lions taldeak Fair Play Award saria irabazi du.
Txinako taldeak Fair Play sailkapena irabazi du, Estatu Batuetako Chico United taldearen eta Touring KEren aurretik. Gipuzkoako taldeen artean, Touring KE izan da sailkapen onena lortu duena.
Donosti Cup 2026k berriro ere erakutsi du futbola lehiatzea baino askoz gehiago dela. Kategoria bakoitzeko txapeldunak saritzeaz gain, txapelketak beste behin ere errespetua, bizikidetza eta joko garbia hobekien ordezkatu zituen taldeak aitortu ditu, Fair Play Saria emanez.
Partida bakoitzean egindako balorazioetan oinarrituta osatzen den Fair Play Sailkapenak jokalarien, entrenatzaileen eta zaleen jokabide eredugarria saritzen du txapelketa osoan zehar. Sailkapen honetan, besteak beste, aurkariari eta epaileei erakutsitako errespetua, zelai barruko eta kanpoko jarrera, talde teknikoen portaera eta familien zein jarraitzaileen artean sortutako giroa baloratzen dira.
Txinako AKS Lion taldea izan da 2026ko irabazlea, txapelketako puntuaziorik onena lortu eta lehiaketako talderik kiroltasun handiena erakutsi duena. Bigarren postuan Estatu Batuetako Chico United FC sailkatu da, eta podiuma Errenteriako Touring KEk osatu du. Gainera, Gipuzkoako kluben artean sailkapenik onena lortu du.
Aitorpen horrek esanahi berezia izan du Touring KErentzat. Fair Play Sailkapenean Gipuzkoako talderik onena izateagatik, garaikurraz gain, Rural Kutxak babestutako 2.000 euroko txeke bat jaso du, jokalariek aukeratutako gizarte-erakunde bati emateko. Taldeak sari osoa Mindara Elkarteari ematea erabaki du. Errenteriako elkarte horrek aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa sustatzen du, kirol egokituaren eta jarduera fisikoaren bidez.
Futbolak oraindik ere bere balioekin bat ez datozen jokabideei aurre egin behar badie ere, Donosti Cup-ek joko garbia sustatzeko konpromiso irmoari eusten dio. Txapelketak errespetua eta bizikidetza bultzatzen dituzten ekimenak indartzen jarraituko du, jokabide eredugarriak aitortuz eta kiroltasunaren aurkako edozein jarreraren aurrean irmotasunez jardunez.


























